Martina eta paperezko basoa


Sinopsia

Martina paperezko neskatoa da eta kartoiz egindako etxe batean bizi da. Behin batean, tximeleta baten atzetik zihoala, basoan galdu zen, baina lagun berezi-bereziak aurkitu zituen, eta emozioz beteriko bidaia egin zuten Martinarekin batera.

Begiez gozatzeko proposamena da, non objektu eta txotxongilo ugari agertzen diren; horiek guztiek Naturaren muinetara eramango gaituzte eta izadia maitatzen irakatsiko digute, beste lagun bat bailitzan.

Balio pedagogikoak

Abenturaz beteriko bidaia…
Martinaren istorioa basoan barrena egindako bidaia da eta, gainera, naturak, bertako bizilagunek eta naturari lotutako fenomeno metereologikoek eskaintzen dizkiguten balio pedagogikoetara hurbiltzeko era jostari eta pedagogikoa da.

Natura errespetatu behar dugu…
Martinak bezala, ikusleok ikasiko dugu Naturaz gozatu nahi badugu, ezin dugula kaiola batean sartu –eta bertan atxilotuta utzi guk nahi dugunean ikusteko—; basoko animaliek eta gainerako bizilagunek aske bizi behar dute eta koloreez, soinuez, beste animaliez eta Naturan den guztiaz gozatu behar dute.

Balio erantsia: umeentzat beren-beregi antolatutako gunea…
Ikuskizun honen balio erantsia hauxe da: agertokian erabiltzen diren elementu guzti-guztiak kartoiz eta paperez eginda daude. Hala, umeek bertatik bertara ikusiko dute basoa eraikitzen, etxea altxatzen, animaliak gorpuzten…

Agertokiko elementu guztien (zuhaitzak, etxea, elefantea, jirafa, sagua, loreak eta abar) diseinua erraz-erraza da, eite lauak eta bakunak dauzkate eta, gainera, kolore lauak erabiltzen dira, hau da, Naturan agertzen diren moduan.

Martina paperezko txotxongiloa denez, zeharo egokitzen da mundu berezi horretara.

.